NortzukGara_ElkarHezi

Nortzuk gara

Txikitasunean Handi

Gauza, proiektu, istorio handi edo txiki guztiak bezala, amets bat bezain sinple edo etereoa den zerbaitekin hasten da dena. Badirudi eskuetatik ihes egingo duela, baina, aldi berean, hauskortasun hori indargune bilakatzen da. Zertarako balio dute munduko teknologia edo baliabide guztiek amets baten atzetik ez bagabiltza?

Gure kasuan, gure ametsa, Elkar Hezi osatzen dugunon ametsa, pertsonen prestakuntza  osoan lagundu ahal izatea da, hau da, gure ikasleek bizi-konpetentzia guztietan ahalik eta mailarik onena lor dezaten. Zoriontsu izateaz gain amesten ikas dezatela nahi dugu, horrela, gizarte bidezkoagoa, hurbilagoa eta solidarioagoa irudikatzen duen utopia egingarri baten ertzak marraztu ahal izateko.

Egia da, gaur egungo zenbait joeretatik urruntzen garela, eredu erraldoiak ez ditugu atsegin, hauetan badirudi tamaina dela garrantzitsuena, zenbakien dantza etengabea da eta zifra horiek, handitzen diren heinean, autokonplazentzia egoerak sortzen dituzte. Guk, zenbakietan baino nahiago dugu pertsonengan, neska-mutilengan, gazteengan pentsatu. Zatitu, biderkatu edota murriztu ezin diren pertsonengan sinisten dugu, eta beraien ikaskuntza-prozesuan lagundu nahi ditugu, ametsen eraikuntzan.

Eredu txiki batetik abiatzen gara, txikia dena dugulako maite. Euskal Herria puntu txiki bat da munduan, hizkuntza propioa duena, hurbileko kultura baten inguruan artikulatzen da, ondo mugatutako balio eta tradizioak ditu, eta auzolanean eta lankidetzan eraikitako lurraldea dugu. Txikitasun, goxotasun honek mundura irekitzerakoan indartsuago egiten gaitu. Era berean, ez dugu ahazten pertsona txikiekin elkarreraginean gabiltzala; txikiak bai, baina bere txikitasunean handi. Lazkao Txikik esango lukeen bezala “umeei gerritik behera lurreraino heltzen zaizkie hankak, eta jakin badakite nola eta norantz mugitu”.

Horregatik, ikas-komunitateen metodologia jarraitzen dugu, egiaztatutako ebidentzia zientifikoetan oinarrituta dagoelako eta gure filosofiarekin bat egiten duelako. Hierarkia eta egitura zaharkituetatik urrun dagoen korronte pedagogikoa izanik gurea, berdinen arteko elkarrizketan oinarritutako eredu baten aldeko apustua egiten dugu. Horrela, gure ikasleek txikitatik Virginia Woolf, Kafka, Grimm anaiak edo Albert Camusen lanak irakurri eta tertulien bitartez hauen inguruan hausnartzen dute, baita Ruper Ordorikaren musika, Mursego edo Harkaitz Canoren literatura, Maialen Lujanbioren bertsoak edo Xabi Payaren artikuluak ere gertukoak ditugu. 

Gure ikaskuntza-prozesua talde interaktibo eta liburutegi tutorizatuen bidez  indartzen dugu. Txikitatik, estimulazio goiztiarraren aldeko apustua egiten da eta egunero espazio bat eskaintzen diogu meditazio kontzienteari Mindfuness. Egunerokotasunean sortzen diren gatazkak berdinen arteko elkarrizketen bitartez bideratzen dira, O biolentzia O urtetik egitasmoaren barnean. Azken batean, eskola irekia, norabide anitzekoa, pertsonen prestakuntzan eta zoriontasunean sinesten duena da gurea, eredu hori baita mundu hobea sortzeko tresna eraginkorrena. 

Gure ametsa partekatzeko prest?

 

EH Misioa-Ikusmira-Balioak

Antolaketa eredua

BALIOAK

Baloreak Elkar Heziren izaera dira, bere isla. Erakundearen “barne kultura”ren parte dira eta Ikusmira erdiesteko funtsezkoak. Elkar Hezi Proiektu Ereduarekin bat.

  • Erantzukidetasuna
  • Bisio estrategikoa
  • Berritzailea izan
  • Partekatzea
  • Elkartasuna
  • Leialtasuna
  • Konfidantza
  • Komunitate izan
  • Ausardia: dabilena baino ez da erratzen.

EGINBIDEA

ELKAR HEZI Hezkuntza Komunitate bat gara; ikasle, irakasle/langile, guraso, ikasle ohiak eta titularrak proiektu berean elkarlanean dihardugu.

Gure Hezkuntza Proiektu Ereduak ikasleei heziketa integrala (esparru akademikoan zein pertsonalean) eskaintzea du helburu, gizartean aurrera egiteko heziz, norbere baitatik eta testuinguru hurbiletik abiatuz  (Oñati, Debagoiena eta Euskal Herria) eragile aktibo eta onuragarri izan daitezen/ gaitezen.

Oinarritzat gaurkotasunez ulerturiko kristau eta giza baloreak ditugu, izaera berritzailea dugu eta guztiz konprometiturik gaude Euskara eta Euskal Kulturarekin.

Deba Goienean, gurasoen altzotik Unibertsitaterainoko goi-mailako hezkuntza-eskaintza egiten dugu (0-18 urte).

IKUSMIRA

Elkar hezi hezkuntza proiektu eredu erreferente, sendo eta iraunkorra izan nahi du.

  • Izaera propioa duen hezkuntza proiektu berritzaile eta eraldatzailea non
    • ikaslea, pertsona osoa oinarri duen eta goi-mailako prestakuntza koherentziaz ikur izanik.
    • berritzailea izatea bere osotasunean ulertuz: · Ildo pedagogikoan, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. · kristau ikuskera eta baloreen berrinterpretazio gaurkotuan eta igorpenean, egungo zientziekin, kulturarekin eta gizartearekin elkarrizketa eta elkarlan giro ireki eta jarrerarekin.
  • Proiektu partekatu, ezaguna eta zabala, eragile aktibo eta eredugarri izanik.
  • Hau guztia ELKAR HEZI HEZKUNTZA KOMUNITATE BAT IZANIK.

Gure ezaugarri hauexek direla-eta, lehentasunezko erreferentzi argia izan nahi dugu Oñatin, Debagoienan eta Euskal Herrian.